Castellano
  • Inicio

Koronabirusa eta ikusezinaren indarra

“Está muy bien que nos informemos de lo que pasa en el mundo y leamos todas las noticias; pero esto no sirve de nada si no lo hacemos para tomar partido en algo e implicarnos en algo, para dar una respuesta "

Adriana Guzmán *Representante Aymara del movimiento feminista antipatriarcal*

 

DAVID BOU

2020/05/10 ARGIA

Diegok hiru urte ditu eta gaur auzoko plazak zapaldu ditu berriz ere. Duela sei aste oso bizilagun gutxik ezagutzen genuen bere izena, existitzen zenik ere ez genekien gehienok. Konfinamenduan egunero atera da balkoira, osasun-langileei txalo zaparrada emateko orduan, aitaren gitarra laguntzeko danbor txiki bat joz. Euren abestiekin auzoaren morala altxatu dute eta itxaropen arrakala bat ireki dute.

Ziur Núriak ez duela inoiz ahaztuko. Hirurogeita hamar urte baino gehiago du eta berrogeialdian oso gutxitan utzi du etxea, zaborra bota eta janaria erosteko. Bere senarrak kardiopatia du eta sofan itxaroten du, bizitza arriskuan ez jartzeko. Biak beldur dira ez ote diren inoiz lehen bezala ibiliko, hankak mintzen dizkie hainbeste orduz geldirik egoteak. Errepertorioa entzuteko orduaren irrikan egoten dira, hitz egiteko eta berriro babesteko, jakinik atzean uzten duten egun bakoitza bat gutxiago dela orain arte imajinaezina zen egoeran.

Kataluniako literatura errebelde eta borrokalariaren erreferente batek, Manuel de Pedrolok, Indarkeriaren ekintza-n deskribatu zuen nola husten zituen kaleak komunitate oso batek: dena geldiaraziz gobernatzen zituen erregimen tiranoa garaituz. Gauzen egoera iraultzeko greba orokor mugagabearen utopia begien itxi-ireki batean distopia bihurtu da, zeinetik ez garen borondatez soilik aterako.

Ondo dakite hori Yanethek eta Alexiak, azken asteotan giltzapetuta bizi baitira zaintzen dituzten laurogeitaka urteko emakumeekin, etxetik eta maite dituztenengandik dozenaka mila kilometrora. Horren jakitun dira ere Cris eta Mar, bi ospitaletako ZIUetatik COVID-19ren aurkako borrokaren lehen lerroan jarraitzen dutenak. Hor zeuden denak lehenagotik. Baina pandemia honetan ikusgarriak izaten hasi dira, bizitza sostengatzea ahalbidetzen duten keinu eta zeregin txikiei begiratzen ez zien jendartearen aurrean.

Gaur damu gara galdu ditugulako giza kontaktua, besarkadak, laztanak, maiteen konpainia; etsaitasunezko agertoki bihurtu dugun mundu honetan babestuta sentiarazten gaituztenak. Gure itsasoetako uraren kalitatea alde batera uztea erabaki genuen, harik eta gurutzaontziak lotuta geratu eta Veneziako kanalak arrainez beteta ikusi genituen arte. Begirada desbideratzen genuen Bartzelona inguratzen duten basoen abandonuarekin topo ez egiteko, baina basurdeak hirian sartu eta gogorarazi ziguten gure aztarnak suntsitu duela beren bizilekua. Mikroorganismo ikusezin bat agertu behar izan zen, ispiluaren aurrean jarri eta nahita baztertzen genuen guztia erakutsi ziezagun. Bizitzea egokitu zitzaigun garaiko paradoxak. Espezie baten miseriak, kolpeka bakarrik erreakzionatzen duena.

Zortziak dira berriro eta leihora irten behar dugu. Erosotu gineneko normaltasun faltsua nagusi zenean gure balkoiak horma hermetikoak ziren, begiluzeetatik babesten gintuztenak. Orain parez pare zabaltzen ditugu, aire freskoa eta isiltasun gorgarria hausten duten hitzak sartzen uzteko. Gure kalean erabaki dugu gauza batzuk ez direla inoiz lehen bezalakoak izango. Nahikoa da beste aldera begiratzeaz elkar agurtzea saihesteko, etxean ixteaz axolagabekeriaren birusa landatzeko. Diegok ez du merezi, Núriak eta denok dakigu. Horregatik utzi diogu Resistiré abesteari eta orain, arratsaldero, Bella Ciao-ren notak aireratzen dira.

ENLACEhttps://www.argia.eus/argia-astekaria/2685/koronabirusa-eta-ikusezinaren-indarra

FaLang translation system by Faboba