Euskara
  • ...

    HASIERA

    2017. urtea. Nakbak darrai

    BDZ Iruñerria

    Nakba palestinarrak ez du historian parekorik. Gutxiengo atzerritar batek herri bat okupatu izana, jatorrizko biztanleak kanporatuz, beraien erreferentzia fisiko eta kulturalak suntsituz, txikizioa mirarizko ekintza jainkotiarra eta askatasunaren eta zibilizazioaren garaipena balitz bezala txalotuz, gaur egun irauten duen kasu bakarra da. Eta hau guztia aurretik pentsatutako plan bat zehatz-mehatz jarraituz, kanpoko babes ekonomiko eta politikoarekin. (Abu Sitta, 1998).

    Nakbak (hondamendia) 1948ko maiatzaren 15a gogoratzen du, sionistar mugimenduak, Europa eta AEBtako laguntzarekin, Palestinan Israelgo estatua sortu zuenean, sarraskien bidez, bertako biztanle gehienak kanporatuz eta Palestina suntsituz. Gaur egun, Israelek etxera bueltatzeko eskubidea ukatzen dien 5 milioi errefuxiatu edo lekuz aldatutako pertsona daude. Baina Palestina husteko eta ezabatzeko plan sionista bukatu gabe geratu zenez, nakbak oraindik darrai, nazioarteko legeak eta giza eskubideen legeak zigorgabetasun osoz desafiatuz.

    Une hauetan, zilegizko palestinar erresistentzia suntsitzeko israeldar ofentsiba erabatekoa da eta, Gazako eraso eta blokeo ilegalarekin batera, beraien eskubideen urraketen aurka eta askatasunaren eta duintasunaren alde palestinar presoek egiten ari diren gose greba masiboaren aurka zuzentzen da. Kartzela barruan Israelek zigor eta umiliazio gehiagorekin erantzuten duen bitartean, kalean kolonoek eta soldaduek elkartasun adierazpenak gupidarik gabe zapaltzen dituzte.

    Hilabete bateko grebaren ondoren, haien osasun egoera larria da eta zenbaiten bizitza arriskuan dago. Nazioarteko laguntza eskatzen dute, Israelek beren eskaera juridiko eta humanitarioak betetzeko. Baina, beste behin, neurriak hartu ditzaketenek ez dute erantzuten.

    Beharrezkoa da gizatasuna eta justizia mehatxatzen dituen sistema anker honekin amaitzea.

    Duintasuna eta askatasuna defendatzeko, gose greban dauden presoak babes ditzagun:

    BDZ (boikota, desinbertsioa eta zigorrak)!

    EB-Israel elkarte-akordioa bertan behera utzi!

    FaLang translation system by Faboba