Castellano
    • Inicio
    • Noticias
    • "Gu ez gaitu koronabirusak hilko, gu goseak hilko gaitu"

    INICIO

    "Gu ez gaitu koronabirusak hilko, gu goseak hilko gaitu"

    “Está muy bien que nos informemos de lo que pasa en el mundo y leamos todas las noticias; pero esto no sirve de nada si no lo hacemos para tomar partido en algo e implicarnos en algo, para dar una respuesta "

    Adriana Guzmán*Representante Aymara del movimiento feminista antipatriarcal*

     

    MARIA ORTEGA ZUBIATE

    2020/05/08 ARGIA

     

    Koronabirusak eragin duen krisiari askotariko erantzunak eman dizkiete gobernuek, baina gehienek etxean geratzera derrigortu dituzte herritarrak. Zenbait gobernuk erabili duten hizkera belikoari jarraiki, “etsaia” kanpoan dago, eta norbere burua babesteko erarik eraginkorrena da etxean geratzea, “babespean”. Baina, zer gertatzen da etsaia birusa baino gosea denean? Kasu horietan, zein da gotorlekua, etxea ala diru apurren bat lortzeko kaleko jarduna? El Salvador, Bolivia eta Ekuatore Gineako zenbait pertsonekin hitz egin eta haien bizipenak jaso ditugu.

    Munduko ia muga guztiak zeharkatu ditu COVID-19 gaitzak, baita errekorrak hautsi ere. Kasuak biderkatu ahala, miloika lagun etxean gelditzera behartu ditu. Europa, pandemiaren epizentroan, horren adibide argia da; ia estatu guztiek agindu dituzte konfinamendu neurriak, eta batzuk pixkanaka arintzen badoaz ere, etxean egoteko agindua orokorra da oraindik.

    Arlo ekonomikoa ere goitik behera zeharkatu du, eta gobernuak gutxienez 80 urtean hartu gabeko neurriak hartzera derrigortu ditu: telelana sustatu, funtsezkoak ez diren sektoreak itxi eta jendearen kaleko jarduna beharrezko jardueretara mugatu. Zenbaitek jardun profesionala molde berri horretara mugatu ahal izan dute, baina langileen gehiengoak lan jarduna moztu behar izan du; askotan kalte-ordainik jaso gabe. Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikako zenbait herrialde dira horren adibide.

    El Salvador

    Martxoaren 12an ezarri zuen El Salvadorrek alarma egoera, herrialdeko osasun sistemaren egoera kaxkarraren jakitun, neurriak hartzea onena zela argudiatuz. Nazioarteko komunitatearen laudorioak jaso zituen Nayib Bukele presidenteak emandako diskurtsoak, herritar denen elkartasunera deitu baitzuen.

    Ordutik konfinatuta dago herrialdea, kalera irtetzeko baimenik gabe jarraitzen dute herritarrek, eta kasuek ez dute gorakada handirik izan; ez dira 600era heltzen kutsatuak, eta hamahiru hildako utzi ditu; gehienak hiriburuko inguruetan.

    “Baliteke hemen COVID malapartatu horrek Europan beste jende ez eramatea, baina hori goseak egingo du”, dio Gerson Claros, UNIVO El Salvadorko ekialdeko unibertsitateko ikerketa departamentuko buruak. Izan ere, biztanleriaren %42ak ez du lanbide formalik, emakumeen artean are altuagoa da zifra: %47; gehienak kalean janaria saltzen bizi dira. Ia bi hilabetez kalera ezin irteteak ekonomia “informal” horretan dabilen jendearen diru-sarrerak hankaz gora jarri ditu; beraietako asko besteek emandakotik bizi dira.

    Gobernuak diru-laguntzak agindu ditu beste diru-sarrerarik ez dituztenentzat. Familiako 300 dolarreko bonuak izango dira, bi milioi eta erdi familiari hitzeman dizkio laguntzak. Hasi ere hasi dira laguntzak ematen, baina herritarrek irregulartasunak salatu dituzte; zenbait familiak ez du laguntzarik jaso, beste batzuetan, ordea, familiako kide batek baino gehiagok jaso du bonua.

    Hala ere, laguntza horiek ez dira heldu, momentuz behintzat, biztanleriaren gehiengora. Eta jendeak ez du aurrezkirik, egunean irabazitakoarekin bizi dira. Haustura hori baliatu dute El Salvadorreko talde kriminalek, mara ezagunek, eta beren kontrolpeko lurraldeetan gobernuaren papera betetzen ari dira.

    Beren kontrola areagotzeko aitzakia bezala hartu dute krisia, eta Mara Salvatrucharen (MS-13) kontrolpeko guneetan konfinamendua betetzen ez dutenak fisikoki zigortu dituzten bezala, Barrio 18koek elikagaiak banatu dituzte beren kontrolpeko lurraldeetako familiarik txiroenetan.

    Boterea bereganatzeko estrategiak dira batak zein besteak erabilitakoak: “Batek makilakadak, besteak jana”, azaldu du Clarosek. Baina estrategia horiek talde kriminalez gain beste aktore politikoen interesekoak ere direla adierazi dute zenbait ahotsek; marek jende hori kontrolpean izatea nahi duten beste zenbait aktore dagoela diote askok.

    “Estrategia komunikatibo eta sinboliko osoa dago honen atzean. Hau ez da soilik talde kriminalen kontua, honen atzean alderdi politikoak daude. Nork eman dizkie elikagaiak marei? Nork finantzatu ditu? Marek ez dute ordainduko, ez dira aberatsei lapurtu eta herriari jana ematen dioten Robin Hoodak”, azaldu du Clarosek.

    El Salvadorko gatazkak konpontzeko era indarkeria da, Clarosen hitzetan. Bere ustez, indarkeria hori herrialdearen DNAn dago. Indarkeria ez dator erakunde kriminaletatik soilik, ordea. Poliziak, indarra erabiltzeko eskubidea duela probestuz, horren inposaketa egiten duela dio.

    Krisia hasi zenetik El Salvadorren 400 Polizia gehiegikeria kasu baino gehiago erregistratu dituzte, 200 salaketa jarri dituzte indarkeria matxistagatik, eta hiru emakume hil dituzte beren bikotekideek. Baina gobernuak dena ezeztatu du, indarkeria sistematiko hori existitzen ez dela adierazi du.

    Berez bortitza den El Salvadorren, osasun krisiak inpunitatea eman dio polizia indarkeriari. Herritar eta elkarte askok salatu dituzte estatuko segurtasun indarrek eta militarren bortizkeria eta errepresioa; Polizia herritarrak barregarri jartzen azaltzen diren zenbait bideo zabaldu dute sare sozialetan. Iritzi bera azaldu du NBEk, munduko zenbait herrialdetan polizia gehiegikeria kasuak gertatzen ari direla ohartarazi baitu, eta El Salvador horietako bat da.

    2.000 milioi dolarreko zorra hartu du El Salvadorrek NDFrekin, datozen bost urteetan zergak igotzekotan. Zergek, eta oinarrizko elikagaien prezioek gora egingo dute El Salvadorren, 300 dolarreko bonuak banatzeko eskatutako maileguaren ordainetan. Bonu horiek, ordea, ez dira biztanleriaren gehiengora heldu. Etorkizuna ilun aurreikusten du Clarosek: “Normaltasunera bueltatzen hasten garenean hemen konbultsio sozial handia egongo da, jendea gose izango delako”.

    Bolivia

    Are kezkagarriagoak dira Boliviako datuak. Biztanleriaren %70 ekonomia “informaletik” bizi da; hau da, kaleko janari salmentak edota hiri barruko garraio pribatua eskaintzen duten “mototaxiak”. Konfinamendua ezarri aurretik, goizeko lanorduak baimendu zituen soilik Boliviako Gobernuak. Behin konfinamendua ezarrita ordea, martxoaren 22an, lanera joatea debekatu zien. Baita “mototaxien” mugikortasuna mugatu ere: astean behin bakarrik egin dezakete lan, beren matrikularen azken zenbakiaren arabera.

    Ezarritako konfinamenduak estatu ikuspegia du, eta ez du lurralde bakoitzeko egoera errespetatzen. Ia 1.700 kutsatu eta 82 hildakorekin, ez du bereizketarik egiten kutsatu asko dituzten hirien eta kutsaturik ez duten landa eremuen artean. Boliviako Trinidad hirian dagoen Carla Mateo psikologo valentziarrak ARGIAri kontatu bezala, martxoaren 22an lurralde osoa konfinatu zuten, bera zegoen hirian adibidez, kutsaturik ez bazegoen ere.

    Herrialdeko errealitate ekonomikoa ere ez du kontuan hartu, neurri horrek biztanleriaren %30 babestu baitu soilik; hirietako erdialdean bizi diren eta telelana egin dezaketen klase ertaineko jendea. Hori horrela, herrialdeko hiririk garrantzitsuenetan konfinamenduaren aurkako protestak izan ziren, Gobernuak 60 eta 70 dolarreko diru-laguntzak onartu zituen arte; 60 urtetik gorakoei, haurdunei, aniztasun funtzionala dutenei eta lehen hezkuntzako ikasleei emateko.

    Dena den, Mateok azaldutakoaren arabera, protesta horietara gerturatutako zenbait Gobernuaren aurkako indarrek ordaindu zietelako joan ziren, Gobernuari boikota egoteko helburuarekin. Bere hitzetan, "miseria hutsa" ordaindu zieten manifestazioetara joan zitezen, "benetako estutasunak" pasatzen dabiltzala jakinda.

    COVIDak herrialdeak aurretiaz zuen krisia areagotu besterik ez du egin. Ezegonkortasun politikoko garaiak dira, eta erabakiak hartzea oso zaila dela dio Mateok. Hala ere, joan den urtean egon ziren manifestazio batzuen harira, Bolivian polizien eta militarren papera goraipatzen dutela dio, eta horregatik ez dela beharrezkoa izan errepresioa ezartzea. Hala ere, errepresioa egon badagoela dio, inplizitua bada ere; eta krisiaren hasieran kalean zeudenei gasa bota zietela poliziek. Polizia gehiegikeria eta indarkeria matxista salatu duten zenbait pertsona daudela adierazi du.

    Herrialde honen kasuan ere, gobernuaren laguntzak botereen arteko borroka inplizitua ekarri duela dio Carla Mateok. Izan ere, aurretik diru-laguntza horiek, auzo bakoitzeko arduradunak kudeatzen ditu. Eta Mateok, bertakoei entzundakoaren arabera, auzoetako arduradunek beren ideologia politiko bera duten auzokideei ematen dizkiete laguntzak. Evo Morales presidente ohiaren aldekoa edo Jeanine Áñez Chávez autoizendatutako presidentearen aldekoa izan, beraz, oso desberdina da egoera herrialdean.

    Evo Morales presidente erbesteratuak ere laguntzak interes politikoen arabera banatzen dabiltzala salatu du. Jeanine Áñez Chávezen alde daude alderdi guztiek indar armatuak erabili dituztela adierazi du, laguntzak banatu eta kanpaina politikoak egiteko.

    Gobernua heltzen ez den lekuetara heltzeko, giza-sareak sortu dituzte herritarrek; eta auzoetan bertan elikagaiak banatzen dituzten bezala, osasun langileentzako materiala ere helarazten ari dira.

    Bolivian beste faktore bat ere badago; indigenen faktorea. Indigenen kasuan, autoisolatzeko hautua hartu dutela dio Mateok; hirietako osasun-sistemara heltzeko aukerarik ez dutelako eta baita beren komunitateetan ez dagoela osasun-etxerik. Gobernuari testak egiteko estau diete, ordea; izan ere ez dakite Covida edo beste edozein gaixotasun badute, eta ondorioz, indigenak ez dira kontu ofizialetan sartzen.

    Boliviak ere maileguak eskatu dizkie NDFri, Latinoamerikako Garapenerako Bankuari eta Garapenerako Banku Interamerikarrari, besteak beste. Guztira 1.000 milioi dolar jaso ditu, eta horiek aurretik dituen 11.267 milioi dolarreko zorrari batu behar zaizkio; hau da, BPGaren %27,1. Ekonomian atzeraldia espero dute adituek, %3,4koa, eta boliviarrentzat ere garai gogorrak datozela diote.

    Ekuatore Ginea

    Afrikako herrialde horretako egoera desberdina da aurreko bienarekin alderatuta. Datu ofizialek 439 kutsatu eta lau hildako daudela diote. ARGIAk bere izena eman nahi ez duen eta Maite izenez deituko duen ikasle euskaldun batekin hitz egin du. Maitek datu horiek oso erraz ezeztatu daitezkeela dio: "Gauero komunikatu bat kaleratzen du gobernuak kutsatuen berri emateko, baina azkar batean ezeztatzen dugu komunikatuak esandakoa. Ez dago datu fidagarririk, Afrika osoan, esango nuke". 

    Dena den, senesgarritasun ezaren sentsazioa dagoela adierazi du Maitek. Albiste faltsu eta amen-omen asko zabaldu direla dio, "Espainian asko daude eta jendeak sinesten ditu, bada, hemen mila aldiz gehiago". Lee Mwiti Africa Check-eko kazetariaren aburuz, bada teoria bat bereziki kalte egin duena Afrikan: koronabirusak beltzengan horrenbesteko eraginik ez du. Teoria hori egia ez dela eta afrikarrei kalte handia egin diola dio, jendeak ez baitzuen sinesten eta horrek lasaitasuna hedatzea ekarri duela dio.

    Horri herrialdeko sinesmenak batu behar zaizkio. "Jendeak ez du ospitalera joateko ohiturarik, sorginkeriatan sinesten dute eta petrikiloengana jotzen dute. Gainera, birusa zuriek beltzak hiltzeko asmatutako zerbait dela uste dute, edota jainkoaren zazpi izurriteetako bat", dio Maitek.

    Baina herrialdeko egoerak ere ez du errazten konfinamendua: "Familia bakoitzak hamar ume ditu, eta ume horiek ezin dute 50 gradutan, aire giroturik gabe etxean konfinatuta egon", azaldu du. Gutxiengo neurri batzuk hartu badira ere –taxian, beren ohiko garraiobidean, pertsona bakarra joan daiteke eta supermerkatuak itxita daude arratsaldez–, Ekuatore Ginean konfinamendua inposatzea ezinezkoa dela esan du. "Egia esan, zuri guztiak etxeetan sartuta gaude, baina gainontzekoek beren ohiko egunerokotasunarekin jarraitzen dute".

    ENLACE:  https://www.argia.eus/albistea/gu-ez-gaitu-koronabirusak-hilko-gu-goseak-hilko-gaitu

    FaLang translation system by Faboba