Euskara
  • Hasiera
  • ACTIVIDADES
  • Lakuntza eta Arbizu arteko AHTrako 7 zundaketa puntu ezagutzeko mendi martxarako deialdia

Lakuntza eta Arbizu arteko AHTrako 7 zundaketa puntu ezagutzeko mendi martxarako deialdia

STOP AHT Zundaketak ekimena osatzen dugun taldeok azaroaren 11n antolatutako mendi martxarako deialdia egiten dugu. Goizeko 9:30ean abiatuko da martxa Lakuntzatik Arbizura, berriz ere Lakuntzara iristeko arratsaldeko 14:30ean. Bi herri hauen artean dauden 7 zundaketa puntuak ezagutzeko helburua du martxak, gure eskura iritsi den informazioa herritarrekin partekatzeko.

Lur publiko zein partikularretan egin nahi dituzten zundaketa hauekin 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak lortu nahi dituzte. Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan, zundaketa hauek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar. Berri larriak dira hauek, izan ere, zundaketen kanpaina hau AHTaren obren hasiera baita. Abiadura Handiko Trena justifikaziorik gabeko proiektu antisozial, antiekologiko eta txikitzailea da, herritarroi inolako mesederik egiten ez digun obra megalomanoa eta gastu sozial ikaragarria dakarrena.

Onartezinezko praktika horien aurrean, beharrezkoa da erne egotea. Horren aurrean, Sakanako hainbat herritan zundaketen aurkako protokoloa zabaldu dugula gogorarazki nahi dizugu. Zundaketa baten berri izanez gero, lehenik eta behin, herriko Udalarekin kontaktatzea ezinbestekoa da, aholkularitza jaso ahal izateko. Ondoren, STOP AHT Zundaketak ekimenarekin harremanetan jartzeko deia egiten dugu honako telefono zenbakian: 656711130.

Oraindik badugu zundaketak gelditzea. Orain da momentua indarrak batzekoa eta proiektu txikitzaile honen aurrean desadostasuna adieraztekoa.

Azaroaren 11n Lakuntzan elkar ikusiko dugulakoan,

STOP AHT Zundaketak

FaLang translation system by Faboba